XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Langabezian zegoen jende asko eta asko, txanpon batzuk ateratzeko asmoz, kartoiak eta aldizkariak biltzen hasi zen dendaz-denda urte hartan.

Honek kalte handia ekarri zion Kittanori, gero eta lan gutxiago egiten bait zuen.

Bi otarteko lehor erosteko dirurik ere ez zuen ateratzen egunean.

Ibili zen han eta hemen diru eske, jo zituen mila ate....

Hitz politak eta irribarre gozoak jaso zituen, baina ez zioten inon lanik eman.

Zenbat eta lan gutxiago egin, orduan eta pentsatzeko denbora gehiago.

Kittanoren burura trumilka zetozen ideiak: mundua ezagutzera joan, Dirulario sekuestratu, kitarra jotzen ikasi, etxez-etxe eskean hasi, semaforo batean jarri eta autoei kristalak garbitu limosnatxo baten truke....

Kostata, baina azkenean erabaki zuen zer egin.

Mieliñoren ganbaran aurkitu zuen gabardina zahar bat jantzi, Ihauterietan erabiltzen zituen betaurreko beltzak eta bibote postizoa hartu eta tren-geltokira joan zen.

Beotibartik hogei bat kilometrotara dagoen hiri handi baterako txartela hartu zuen.

Easo du izena, eta Euskalerriko txokorik politena huraxe dela diote.

Baina Kittano ez zihoan gauza politak ikustera, bere plana aurrera eramatera baizik.

Ezagutzen zituen bertako kaleak, parkeak eta ezkutalekuak.